XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Somorrostron urpekari ingelesak itsasuntzi alemana hondora bota osteko afusilaketa etorri zaio burura.

Ez da gomuta atsegina.

Juani ostera halako lasaitasuna dario, bekainetan hasten zaion zerbait da.

Bekainetan, bai, baso sarria du, udazkenekoa.

Elurtzan isladaturiko eguzkiak ekarri ohi duen kolorearen eragina da.

Hamar urte zaharrago, orduan ikusitako inork ere ez luke Juan hau ezagutuko orain, ezta ahotsean ere.

Metrailaren isladak geratu zaizkio eztarrian.

- Zer gura dok nik egitea ba? - pattarrez bero erraiak, berbetan hasi da Onofre.

- Heure etxean egon gura joat, harik eta hemen enbarkazioren bat topatu eta Frantziara alde egin ahal izan arte.

- Eta zelan arraio gura dok hemen geratu, kaguen zotz, ezagutzen bahaute neu be eroango najuek txapelokerrek.

Isilik eta hankak luzeago, sofaren gorputz beroan barrurago sartu da makisa.

- Ez diakiat Onofre, hi beti izan haiz buru onekoa eta, asmatuko dok zeozer.

Eta halaxe izan da.

Onofrek lehenago ondo beroturiko oheko kabiatxo bigunean geratu da Juan, harek kalera urten duen bitartean.

Kaguenka eta arnasoska, abiadatxoa ekarri du Erdiko Kalea teilatuperik teilatupe igarotzean.

Hamahirua.

Aldabari danbadatxoa eragin dio.

Badaki Onofrek treneko Martin makinisteak lo arina duena.

Mesedea zor dio eta mesedearen truk mesedea eskatzera datorkio.

Erraza da betetzen.

Halaxe esan dio piztak begietatik kentzen atean ageri denari.

Martin, goizeon, Koixuaren errebueltan honantza hatorrenean ipinik palpalean makina; hamar segundu eta ipinik barriro abiada normalean.